BITARTEKARITZA ARTISTIKOA
La Faktoria Choreographic Center-ek dantza garaikideko eta sorkuntza artistikoko hezkuntza programa bat garatzen du ikastetxeetan, eskola-orduetan integratua eta tresna pedagogiko gisa ulertua.
Proiektua La Faktoriak sorkuntza artistikoa eta hezkuntza lotzeko duen borondatetik sortu da, artea haurtzarora hurbiltzeko eta ikaskuntza modu berriak sustatzeko asmoz, etorkizuneko publikoen sorrera ere bultzatuz. Ekimen honen bidez, banakako zein taldeko sormena, pentsamendu kritikoa, berrikuntza eta bizi garen errealitatearen ulermen sakonagoa sustatu nahi dira.
Proposamena Helena Lizari proiektuaren zuzendari artistikoaren ideia batetik abiatu da, eta antolakuntza zein exekuzio zuzendaritza Laida Aldaz Arrieta eta Marta Coronadoren esku dago, biak ala biak La Faktoria Choreographic Center-eko zuzendariak.
Talde artistikoa
HELENA LIZARI
Dantzaria, koreografoa eta irakaslea da, mugimenduan eta psikomotrizitatean espezializatua. Mugimenduaren teorian eta analisian, dantzan eta interpretazioan lizentziaduna da Amsterdamgo AHKn, eta dantza garaikideko nazioarteko erreferenteekin batera prestakuntza zabala jasotakoa da.
Sorkuntza- zein irakaskuntza-arloan ibilbide sendoa garatu du, eta Europako koreografo eta artista entzutetsuekin lan egin du —Charles Corneille eta Merckx, Marcelo Evelin, Angelika Oei…— eta bere piezak nazioarteko testuinguru askotan aurkeztu ditu: besteak beste, El baile no acaba aquí, Walk Me, Please Exit(s), Soufle, Kirolak, Maleable. Aldi berean, eskolak eman ditu zentro espezializatuetan, eta dantzarekin lotutako hezkuntza-proiektuetan parte hartu du hainbat herrialdetako eskoletan.
SUDANSA Arte eta Kultura Elkarteko kidea da. Elkarte horrek Kataluniako Lehen Hezkuntzan praktika koreografikoak garatzeko programak sortzen ditu. Halaber, Feldenkrais-ChildSpace metodoan espezializatutako terapeuta da; neurologia, psikologia, komunikazioa eta haurraren garapen-funtzioen behaketa uztartzen dituen prestakuntza jaso du, bereziki sistema motorraren funtzionamenduan eta gorputzaren garapen-prozesuan mugimenduak duen eginkizunaren azterketan sakonduz.
IVAN MONTERO
Ivan Montero Nafarroako dantzari, interprete eta sortzailea da; bere lana dantza urbanoaren eta garaikidearen arteko elkargunean kokatzen da. La Faktoria Choreographic Center-en jaso du prestakuntza. Dantzari erabat heldu aurretik, musika eta arte martzialetako ikasketak uztartu zituen, eta Taekwondoko 1. Dan gerriko beltza eskuratu zuen.
Sorkuntzaren eta arte eszenikoen arloan, hainbat sorkuntza-lanetan parte hartu du: In Perspective (In Perspective konpainia), QTA (ZUK Performing Arts konpainia), OPHI (La Casa Amarilla konpainia), Trayectos (La Faktoria C.C.), Crunch Time (La Intrusa konpainia) eta 01 (bera da egile bakarra). Aldi berean, zazpi urtetik gorako ibilbidea egin du pedagogiaren arloan, askotariko prestakuntza-testuinguruetan.
SAIOA IRAIZOZ
Altsasun 2000. urtean jaiotako dantzaria, koreografoa eta irakaslea da; 4 urterekin hasi zen euskal dantza tradizionaletan eta gero dantza garaikidera bideratu zuen bere ibilbidea.
2023an, Saioa Koreografiako eta Interpretazioko unibertsitate-graduan lizentziatu zen Dantzertin (Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza goi-mailako Eskola, eta ondoren bere ikasketak La Faktoria Koreografia Zentroan amaitu zituen. In Perspective Tabakaleran parte hartu du dantzari gisa, eta jardun hori irakaskuntzarekin uztartu du, besteak beste, Irantzu Gonzalez Dantza Eskolan eta Diana Casas Dantza Eskolan.
