JURIJ KONJAR

Jurij Konjar dantzaria, inprobisatzailea, koreografoa eta irakaslea da, inprobisazioaren eta dantza garaikidearen esparruan lan egiten duena. Bere ibilbidean eragin handiena izan duten mentoreak Steve Paxton eta Lisa Nelson izan dira. Eszenako lanak garatu ditu En Knap, Les Ballets C de la B, Boris Charmatz eta Steve Paxtonekin. Paxtonekin batera, haren hainbat pieza berrinterpretatu eta biran aurkeztu ditu, eta gaur egun oraindik Goldberg Variations bakarkako inprobisaziozko lana biran aurkezten jarraitzen du. Goldberg ikerketa-prozesuari buruz Paxtonekin izandako gutun-trukea CQ aldizkarian argitaratu zen, Goldberg Observations izeneko liburuxkan, Lisa Nelsonek editatua.

Egin eta mugitu

Laborategi honetan, urte guzti hauetan dantzari eta performer gisa garatu dudan praktika partekatu nahi dut, nire sorkuntzen eta beste diziplinetako artistekin —musika, moda edo zinema, esaterako— egindako lankidetzen bidez.

Gorputza aztarnategi arkeologiko gisa ulertzen dut, beste gorputz batzuen edukiontzi gisa, eta mugimendua haren geruza sakonenak lurpetik ateratzeko erabiltzen dugun tresna gisa.

Ikerketa honetarako erabiltzen dudan metodoa leku desberdinetatik gidatutako inprobisazioa da.
Indusketa-prozesu bat proposatuko dut, fisikotasun desberdinen bidez, hura osatzen duten materialak ezagutzeko: hezurrak, muskuluak, fasziak, substantziak, iruditeriak, soinuak, ideiak, sinesmenak, emozioak, sentsazioak eta gorputzean barneratutako jakintza guztia. Begirada, pausa, entzuketa eta ahotsa landuko ditugu, azken hau gorputz-adar ikusezin gisa ulertuta, artikulazioen independentzia eta haien arteko loturak aztertuz. Gorputza erresonantzia-kutxa gisa eta fikzionatzeko, hedatzeko eta bere burua berrasmatzeko duen gaitasuna esploratuko dugu. Lan honetan modu kontzienteagoan barneratzeko, lau gorputzetan jarriko dugu arreta: fisikoa, energetikoa, emozionala eta sonoroa. Jolasaren bidez, ereduak apurtuko ditugu eta gure beharrei eta interesei erantzuten dieten lege berriak sortzera gonbidatuko gaituzten aukera berriak zabalduko ditugu.

Tailer honen helburu nagusia jakin-mina izateko, gozatzeko eta arriskatzeko beharra piztea da, akatsaren edo porrotaren ideiari beldurrik izan gabe. Apaltasunez, jakituria handiago baterantz hurbiltzea. Barruko ahots hori entzutea, benetan garen horretara hurbiltzen gaituena, garena uste dugunaz harago, eta kanal bihurtzea. Hazteko eta irekitzeko barne-bidaia bat, dakigun baina ez dakigula uste dugun hori beldurrik gabe bizitzeko.