VERA MANTERO

Vera Manterok dantza klasikoa ikasi zuen eta Ballet Gulbenkian-eko dantzaria izan zen 1984tik 1989ra bitartean. 1987an hasi zuen sortzaile-karrera eta laster hartu zuten Nova Dança Portuguesako izen nagusietako baten gisa. Bere lana Europa osoan, Argentinan, Uruguain, Brasilen, Kanadan, AEBetan, Korean eta Singapurren erakutsi zuen. 2000. urteaz geroztik, ahotsa ere lantzen du, hainbat egileren errepertorioa kantatuz eta musika esperimentaleko proiektuetan elkarlanean jardunez.

“Comer o coração” (‘Bihotza jan’), Rui Chafes eskultorearekin batera landutako obra. Portugalen aurkeztu zen 2004ko São Pauloko 26. Bienalean. 2002an ‘Almada’ saria jaso zuen (IPAE/Portugalgo Kultura Ministerioa) eta 2009an Gulbenkian Arte saria jaso zuen sortzaile eta interprete gisa egindako ibilbideagatik.

“Niretzat dantza ez da egitate bat. Nire iritziz, zenbat eta gutxiago barneratu, orduan eta hurbilago egongo naiz dantzatik. Dantza eta lan eszenikoa ulertu behar dudana ulertzeko erabiltzen ditut. Dagoeneko ez diot zentzurik hartzen diziplina bakar batean espezializatutako interprete bati (dantzaria, antzezlea, abeslaria edo musikaria).  Orain zentzu pixka bat hartzen diot osotasunean espezializatutako interprete bati. Bizitza gertakari izugarri konplexu eta aberats bezala ikusten dut, eta nire lana izpiritua (nirea zein besteena) pobretzearen aurkako etengabeko borroka bezala. Borroka horri ezinbestekoa deritzot orain eta beti”. 

Gorputz pentsalaria – Konposizioa eta interpretazioa

Erlaxazioa, ahozko erabilera, idazketa, arnasketa eta asoziazio askea dira mintegi honetan erabiliko diren tresnetako batzuk, norberaren barruan gertatzen diren mugimenduak eta ekintzak aurkitze aldera. Hasiera batean, horietako batzuk bereizita aztertuko ditugu, geroago prozesu zabalago eta konplexuagoetan txertatzeko. Garrantzia emanen zaio kontzientzia-egoera berezi batean sartzeko ideiari. Espazioaren, objektuen eta materialen pertzepzioa eta erabilera ere gogoan izanen ditugu. Ironiak eta «esku hutsek» are urrunago eramanen gaituzte. Parte-hartzaile kopurua, gehienez: 16. Behar den materiala:  soinu-sistema, boligrafoa eta papera parte-hartzaile guztientzat.